Selektibitate berriak bidea jarriko du azterketa gutxiago egin ahal izateko

Selektibitate berriak bidea jarriko du azterketa gutxiago egin ahal izateko albisteari erlazionaturiko albistea

Iragarritakoaren adinako berritasunik ez da izango, baina bai aldaketa nabarmen batzuk. Unibertsitaterako hautaproba nolakoa izango den erabaki dute Hegoaldeko bi unibertsitate publikoek, eta aldeak daude batetik bestera. Azterketaren egitura bera izango da bietan, aurreko urteetakoa. Bi fase izango ditu selektibitateak: batetik, orokorra, derrigorra, bost ikasgaitako probekin; bestetik, borondatezkoa, nota igotzeko balio duena, gehienez hiru azterketa eginda. Hain justu, borondatezko fase horretan aldaketak egin dituzte: orain arte ez bezala, derrigorrezko lehen fasean egindako azterketak kontuan hartuko dituzte nota igotzeko. Horrenbestez, ikasleei bidea zabaldu diete ikasgai gutxiagotako probak egin ahal izan ditzaten selektibitatean.

Errebalidak ziren orain abian jartzekoak. LOMCEren egutegiaren arabera, aurten amaierako azterketa pasatu behar zuten Batxilergo bukaerako irakasleek. Ez ezartzea erabaki zuen, ordea, Espainiako Gobernuak, gutxiengoan dagoela ikusita. Hezkuntzako «itun nazionala» lortzeko bidea abiatu dute Espainiako Kongresuan, eta hori adostu arte behintzat ez dituzte errebalidak hasiko. Eta gero ere zail dirudi, PP ez beste alderdiak horren kontra baitaude. Kongresuan zer egingo duten zain, hona aurten nolakoa izango den unibertsitateko sarbide proba.



Iturria: Berria