EGA eta gainerako azterketak egokitzeko urtea

EGA eta gainerako azterketak egokitzeko urtea albisteari erlazionaturiko albistea

EGA euskararen gaitasun agiria 2017ko aurreneko deialdian lortu nahi dutenek zabalik dute astelehenaz geroztik eta hilaren 23ra arte izena emateko epea. Europako Erreferentzia Marco Bateratuko C1 maila azterketa libre horren bidez egiaztatu nahi dutenei ez zaizkie baldintza bereziki zorrotzak ezartzen: 17 urte beteta eduki behar dituzte, edo urtean zehar bete, eta 24 euro ordaindu. Ez da diru asko, nahiz eta aurten dezente garestitu den, %33, iazko lehen deialdian parte hartzeko 18 euro ordaindu behar baitziren orduan kaleratutako informazio agirien arabera. Merkea da, hala ere, baliokide duen Cambridge Advanced Certificate in English-ekin konparatuta, azterketa hori egiteko matrikula 200 euro ingurukoa baita.

Eskerrak den merkea, azterketa gainditzen dutenen kopurua %25aren bueltan dabilenez izena ematen dutenen hiru herenek etekin txikia ateratzen baitiote inbertsioari. Eta, azken bospasei urteotan batez beste 12.000 bat lagun matrikulatzen direla kontuan izanda, jende asko pasatzen da esperientzia etsigarri horretatik, nahiz eta murrizten doan EGAren atzetik abiatzen direnen kopurua. 2012tik aurrera ikasketak euskaraz egin dituztenei azterketa eta titulu beharrik gabeko maila-aitortza egiten zaienetik, hasi da baretzen "EGAmania". Batez ere unibertsitatez kanpoko ikasketak amaitu bezain pronto, askotan berariazko prestakuntzarik gabe, titulu horren bila doazenen artean. Hala ere, asko dira urtero azterketak jartzen duen langarekin -batez ere, atariko probakoarekin- estropezu egin eta EGAdunen eremutik at gelditzen direnak.



Iturria: El Diario Vasco