C1 eta C2 mailak ere deialdi irekian egiaztatu ahal izango dira

 C1 eta C2 mailak ere deialdi irekian egiaztatu ahal izango dira albisteari erlazionaturiko albistea

Berri ona euskararen ezagutza aurreratua egiaztatu nahi dutenentzat: HABE erakundeak argitaratu berri duen ebazpenari esker, aurten, lehen aldiz, C1 eta C2 gaitasun-mailak ere egiaztatu ahal izango dira deialdi irekien bitartez. Orain arte, B1 eta B2 mailak ziren honela egiazta zitezkeen bakarrak. Askoren xede den C1 maila egiaztatzeko, berriz, horren baliokide den EGA -EAEn zein Nafarroan Hezkuntza sailek bideratzen dutena- zen orain arte bere kasa zihoazen azterketariak onartzen zituen bakarra. C1 eta C2ra aurkezteko, ezinbestekoa zen euskaltegi batean matrikulatua egotea.

Aspalditxotik iragarria zegoen berritasun honekin, «maila hauek egiaztatu nahi duten ikasleei bidea errazten zaie; izan ere, orain arte, HABEren erregistroan inskribatutako euskaltegietako ikasleek bakarrik egiazta zitzaketen bi maila horiek HABEren deialdietan». HABEko zuzendari nagusi Jokin Azkuek azpimarratu du «gizarte behar jakin bati erantzuten diola interesaturik dauden herritar guztiei zabaltzea C1 eta C2 mailei dagozkien ziurtagiriak lortzeko aukera».

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren menpe dago HABE (Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea) eta neurri honen bidez gaitasun-mailak egiaztatzeko bidea erraztu eta zabaldu nahi da. Izan ere, hemendik aurrera euskara-agiria atera nahi duen herritarrak aukera izango du zuzen-zuzenean deialdiotan matrikulatzeko, beste inolako galbahetatik pasa gabe.



Iturria: El Diario Vasco